XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PARE BAT HITZ Kaki Kolorez Andoni EGAÑA.

EGUN txarrik bada, soldaduzkako lehen eguna da egun txarra.

Aurrez mila kontu entzunak dituenak ere ez dut uste horrelakorik espero dezakeenik.

Mundua erortzen zaizu gainera, ez jakinean estrainekoz kuartelera sartu eta ez adiskide ez babesik, zakur amorratua baino okerrago tratatzen zaituztenean.

Sekulako joera dugu gizonezkook soldaduzkaz hitzegin edo idazteko.

Inor gutxi libratuko da kaki koloreko uniformea jantzi ondoren hango abenturak oparotasun guztiz kontatzetik.

Badu bere esplikazioa.

Nik uste, proba hori pasearen pozak eragiten digula hitz jario hori, hura ere gainditzeko gauza izan ginela konturatzeak.

Ajea uzten duen urtebetea da soldaduzkakoa.

Aje mina lehenengo, beazuna ere alteratu egiten bait du hainbeste injustizi begibistan ikusteak.

Gero, aje mina denborak goxatzen du, eta azkenerako batalliten kontaketa izaten da mendeku nahiaren azken aztarna difuminatua.

Haietakorik aurrean ez dezadala izan nik, ez bait dut uste bizia barkatuko diedanik amaitu zuen Xabier Euskitzek soldaduzkaren gainean jarritako bertso sorta bikain bat.

Gehientsuen lehen idea horixe izan zela uste dut, baina gero alpertu egiten gara, eta mendekua hartzeak berak ere ez digu eragiten.

Berez ez zen gaizki joan nere soldadu aldia.